XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tailerra

Sarrera

Abakoa kalkuluak egiteko betidanik erabili den tresnarik ezagunenetariko bat da.

Mota askotako abakoak daude baina guk abako hamartarra egin eta erabiliko dugu.

Honek bolatxoak sartzeko ziri mehe batzuk dauzka:

- Ziri horietako bakoitzak unitate ordena bat adierazten du (unitateak, hamarrekoak, ehunekoak...).

- Ziri bakoitzeko bolatxo kopuruak ordena horretako unitateen kopurua adierazten du (unitateen kopurua, hamarrekoen kopurua...)

Egiteko modua

Zuk zeure abakoa egingo duzu eta horretarako aukera hauek dauzkazu:

- Metalezko zein beste edozein materialez eginiko ziriak, euskarri batean jarriak, erabil ditzakezu.

Beraietan bolatxoak sartu iduneko bat egingo bazenu bezala (irudiak erakusten duen bezala).

Bolatxo horiek zirian utz ditzakezu, edo, bestela, eragiketak egitean, soilik, sartu.

- Edo kartoia zein kartulina erabil dezakezu eta zutabeak ebakiz edo marraztuz berorietan fitxak, harrikirriak edo paper puskak jarri.

Dena den, abakoa egiten hasi aurretik zenbait erabaki hartu beharko duzu:

- Zein da adierazi nahi duzun zenbakirik handiena?

- Zenbat bolatxo edo fitxa jarriko dituzu ziri edo zutabe bakoitzean?

- Zer egingo duzu eragiketak burutzean ziriren batean edo zutaberen batean hamarretik gorako kopurua izanez gero?

Aplikazioak

a) Nola adieraziko dituzu abakoan honako zenbaki hauek?

1025; 4 hamarmilako, ehuneko 2 eta 3 hamarreko; 4.104+102+3.10+6

b) Zein da eragiketa hauen emaitza?

24+31; 314+83; 851+937

46-13; 52-34; 841.3

Eztabaida

Ikaskideei aurkeztu egin duzun abakoa, azaldu nolako ezaugarriak dituen eta honako galdera hauetaz jardun:

-Nola burutzen dira eragiketak abakoarekin?

Nola burutuko dira eramanekin izango diran eragiketak?

Zelan burutu dugu kenketa, baldin kenkizuna kentzailea baino txikiagoa bada?

- Abakoaren bidez burutu dituzun eragiketek eta koadernoan egiten dituzunek, badute elkarren antzik?

- Eragiketen zein propietate azter daitezke abakoaren bidez?